Iruña

Partekatu:

Abuztuak 25 | 19:45 h | Ezpeletako jauregia

Rafael Riqueni

"Íntimo"

90 minutuko emanaldia izanen da, leku honetan arituko diren gainerako artistena baino luzexeagoa. Gitarra flamenko garaikidearen mito bat entzunen dugu jauregi eder batean, duela urte batzuetatik hona berriz ere urrezko aroa gozatzen duena. Honatx Rafael Riqueniren proposamena, Flamenco On Fireren bederatzigarren edizioko emanaldirik irrikatuenetako batean: intimismoa gainezka eta muturreko edertasuna Ezpeletako bihotzetik. 

Rafael Riqueniren sonanta, oroz gain, ikusgarria da. Musika jartzen baitu teknikaren aurretik eta, beharrezkoa bada, akorde berriak sortzen ditu mezua transmititzeko. Haren diskurtsoa emozio hutsa da eta pentagrametatik kanpora egiten du ihesi. Arima tremoloetan bikoiztua. Parpeoak eta iturriak, asmatutako testurez jantzitako harri-soinuak. Era berean, memoria bat gogora dakarten karrikak, memoria beti partekatua.

Trianako flamenko hori musika klasikora joan zen edatera. Eta Niño Ricardoren faltseteen eta Isaac Albénizen edertasunaren artean, bere neurria aurkitu zuen. Azken hamarkada hauetako gitarristarik garrantzitsuenetako bat da. Joan-etorriko Guadiana bezalakoa da haren obra, azaleko apaingarririk gabe, hainbat diskotan plazaratua: ‘Juego de niños’, ‘Alcázar de Cristal’, ‘Maestros’, ‘Parque de María Luisa’ eta, azkena, ‘Herencia’, guztiak ere sormenez joriak. Elokuentzia musikal hutsa da gaztetatik. Horregatik, onenekin batera aritu zen hasieratik: Martirio, Morente, Isabel Pantoja eta askoz ere gehiagorekin.