Iruña

José Mercé
Partekatu:

Abuztuak 26 | 21:30 h | Baluarte

José Mercé

"El Oripandó"

Esaten da Bruce Springsteenek (Mercéren miresle aitortua) haren disko gehienak dituela. Ziur aski, Jerezkoa gaztelaniazko musikaren artista ospetsuenetako bat da nazioartean. ‘Aire’, ‘La vida sale’, ‘Lío’ eta ‘Mummy blue’ dira haren arrakasta handienetako lau. Baita ‘Al alba’-ren bertsioa ere. Kantu horren egileak, Luis Eduardo Autek, txantxetan esan zuen kantu hori idatzi zuela Mercék abestu behar zuela pentsatuta.

José Mercék eliza bati zor dio bere izena eta Madrilgo tablaoetan hezi zen. Izan ere, osaba Manuel Soto Sordera kantariaren eta lehengusuen etxera iritsi zen 70eko hamarkadan: den-denak artistak, arbasoak bezala. Paco La Luz XIX. mendeko seguirillero handia, adibidez, leinu horretakoa da. Gaztetan dantza munduko figurekin aritu zen biran munduan barna, Antonio Gadesekin kasu, eta bakarka 90eko hamarkadan jo zuen goia, disko gehien saltzea lortu duen flamenko-kantaria baita bizirik daudenen artean.

Antonio Orozco abeslariak ekoizturik, bere bizitza berrikusi du eta, orain, dena da letra eta melodia, egokiro uztarturik. Horrela, ‘El oripandó’ diskoak (kaloz “Goiznabarrekoa” esan nahi du) arrakasta eman zion 1998an, Vicente Amigoren gitarrak lagundurik; bada, disko horixe da Jose Mercéren biografia abestuaren gauzarik antzekoena. Haurtzaroko oroitzapenak, galera konponezinak, konfesioak, lagunak. Hori guztia kantu, bolero, balada eta soinu elektronikoen artean garatzen da, eta beste artista batzuen artean, Tomatito, Pablo López, La Mala Rodríguez eta Dorantes izan ditu estudioan bidelagun.