FLAMENCO ON FIRE FUNDAZIOA

Flamenco on Fire Fundazioa 2014ko otsailaren 13an sortu zen. Erakunde pribatua da, irabazi-asmorik gabea, Iruñean du helbidea (Nafarroa) eta honakoak ditu xede: flamenkoa hedatu eta sustatzea; flamenkoa ikertu, berreskuratu eta zaintzea; kantu, dantza eta gitarra-jotze hori zabaldu eta irakastea, bai eta arte horretako beste edozein adierazpide ere; azkenik, Agustín Castellón Campos “Sabicas”-en izena eta lana berreskuratu eta hedatzea. 

Eratu zenetik, Fundazioak Flamenco On Fire Jaialdia sustatu du eta, 2019az geroztik, F On Fire izeneko ziklo musikala ere bai. Ekitaldi horiez gain, funtsezko bi jarduera ditu ardatz: Tandal eta Sabicas Betierekoa. Lehenbizikoaren bidez, Fundazioaren soinu eta ikus-entzunezko artxiboa erregistratu eta kontserbatzen da, hezkuntza eta ikerketa arloko xedeei lotuta. Bigarrenaren bitartez, berriz, Agustín Castellón Campos “Sabicas”-en izena eta izana hedatzen dira.

Fundazioaren jarduera Nafarroan egiten da nagusiki, baina flamenkoa zabaltzeko ekitaldiak aipatu komunitatetik kanpo ere egiten ditu.