Maestro Sabicas

Sabicas maisu handiaren omenez

Agustín Castellón Campos Iruñean jaio zen 1912an. Haur prodijio autodidakta, zortzi urte baino ez zituela jo zuen lehen aldiz ikus-entzuleen aurrean. Oso txikitatik, El Niño de las Habicas deiturikoa erkidego flamenkoan moldeak apurtzera bideraturik zegoen.

“Bost urte baino ez nituen gitarrarekin hotsak egiten hasi nintzenean.” (…)

“Nik ez nuen inoiz maisurik izan, bizitza osoan. Gitarra hartu nuen, jotzen hasi nintzen eta horrela jarraitu dut”.

Sabicas Maisua (Revista Jaleo, San Diego – California, Abril 1981)

El Niño de las Habicas 1920ko hamarkadaren hasieran heldu zen Madrilera, eta oso denbora gutxian bere birtuosismoak Villa Rosako ohiko jotzaile bilakatu zuen. Sarritan joaten zen Bartzelonara, eta bertan Opera Flamenkoko ikuskizunetan hartu zuen parte –bertan egin zituen lehenbiziko emanaldiak bakarlari gisa–, gramofonoaren industrian zenbait grabazio egiteaz gain. 20ko hamarkadaren amaieraren eta 30ekoaren hasieraren artean, Sabicas tocaor gisa aritu zen Flamenkoko artista handiekin: la Niña de los Peines, Estrellita Castro, Imperio Argentina, Angelillo, Juanito Valderrama, Niño de Utrera, eta beste asko.

1930eko erdialdean Sabicas konpainia flamenko batean sartu zen, eta 1937an Buenos Airesera heldu zen, Carmen Amaya Argentinako hiriburuan arrakasta lortzen ari zen une berean. Bien arteko lotura berehalakoa izan zen, eta denbora gutxi igaro orduko, Flamenkoa dimentsio berrira eramango zuen eta biak Flamenkoak Ameriketan izan zituen enbaxadore nagusiak bilakatuko zituen harreman emankorra sortu zen elkarren artean.

“1955ean Carmen eta biok Estatu Batuetara bueltatu ginen, eta ni ez nintzen jada inoiz itzuli”. (…)

“Esfortzu eta urte asko kostatu zitzaigun, baina Carmenek bere dantzarekin eta nik gitarrarekin, benetako flamenkoa mundu osoan ezagutzea lortu genuen. Ezagutzea eta balioestea.”

Sabicas Maisua

Ipar Amerikako eszenatoki hoberenetan bost urte arrakastatsu igaro ondoren, Sabicas Mexikon instalatu zen. Bertan ezkondu eta bi seme izan zituen. Baina 1955ean Carmen Amaya berriro agertu zen bere bizitzan, eta Estatu Batuetan beste bira bat egiteko kontratatu zuen. Une horretan Sabicas New Yorkera joan zen, familiarekin, eta bertan izan zuen bizilekua hil zen arte. New Yorketik eragin handia izan zuen mundu mailan, Estatu Batuetan arrakasta lortzeak oihartzun handia duelako mundu osoan.

1957an, Carmen Amayak Ameriketako bira amaitu zuen, eta Sabicasek etapa berriari ekin zion; Maisuak hainbat elkarlan hasi zituen Mario Escudero gitarra jotzailearekin. Hiru disko grabatuko zituen berarekin, eta hainbat emanaldi eman zituzten. Horien artean, 1959ko maiatzean New Yorkeko Town Hall aretoan emandako errezitaldia azpimarratu behar da. Estatu Batuetako kritikari batzuen esanetan, historiako lehenbiziko gitarra flamenko errezitaldia izan zen, eta inflexio puntu bilakatu zen Sabicasen karreran.

“Sabicasekin, inoiz entzun gabeko soinu garbitasuna aurkitu nuen, ordura arte ezagutzen ez nuen abiadura, eta, azken finean, jotzeko era desberdina.
Hortik aurrera, ezin dut esan Ricardo ahaztu nuenik, baina Sabicasen jotzeko era nire ikasketan sartu nuen, eta eraldatu egin nuen, nire bilakatzeko”

Paco de Lucía

Kontzertugile gisa egin zuen karrera denbora luzez Estatu Batuetako lurraldera mugaturik egon zen (Maisuak hegaz egiteari zion beldurra zela eta), baina oihartzun handia izan zuen mundu osoan, disko asko grabatu baitzituen –estudioko 40 disko baino gehiago bere karreran–. Disko horiek Japonian, Australian, Ingalaterran edo Frantzian ere banatu ziren. 1959tik aurrera, bere diskoak Espainiara heltzen hasi zirenean, Sabicasek eragin handia izan zuen gitarra jotzaile flamenko belaunaldi oso batean, gitarra jotzeko beste modu bat aurkitu baitzuten. Eta urte gutxi geroago, 1963an, gitarra flamenkoaren historia aldatuko zuen elkarketa gertatu zen; Paco de Lucíak Sabicas Maisua ezagutu zuen New Yorken.

“Ohore osoz, Iruñean jotzera itzuli nahiko nuke. Hogeita hemeretzi urte daramatzat jaio nintzen hiria ikusi gabe. Gogoratu eta bere izena aipatze hutsak, bihotza azkartu egiten dit”

Sabicas Maisua (Diario ABC, 1974)

1967an, Sabicas azkenean hegaz egitera ausartu zen; lehen aldiz Japoniara joan zen, eta handik denbora gutxira Espainiara etorri zen lehen aldiz, Ameriketara joan eta hogeita hamar urte geroago, Malagako Ikasketa Flamenkoen IV. Asteak gonbidatuta. Ordutik, 1974ra arte, Maisuak hainbat bisita egin zituen Espainiara, beti ere arrazoi profesionalak zirela eta. Bere azken bisitan, elkarrizketa batean, hau esan zuen:

Helburu hori zortzi urte geroago bete zuen; Iruñeak 1982ko San Ferminak eskaini zizkion eta hiriaren Urrezko Domina eman zion, Gayarre Antzokian eskainitako omenaldian. Bertan Naranjito de Triana eta Pepe Habichuela egon ziren berarekin, beste batzuen artean. Urte horretan bertan, Maisuak Palau de la Músican jo zuen, Bartzelonako III. Flamenko Jaialdiko egitarauaren barruan. Baina denbora asko igaro orduko New Yorkera itzuli zen, International Guitar Festival izenekoaren lehen edizioa zabaltzeko, Columbia etxearen Cami Hall aretoan eman zuen kontzertuarekin.
Baina bi urte geroago, Enrique Morentek bere presentzia eskatu zuen Espainiako eta Alemaniako hainbat hiritara heldu zen I. Flamenko Goi Bileran parte hartzeko. Eta 1987an Sabicas Maisuak merezitako omenaldia jaso zuen Madrilgo Teatro Real antzokian.

“Ni obsesionaturik nengoen grabazio hori egitearen ideiarekin” (…) “Duela 20 urte ezagutu nuen maisua, eta jai askotan alboan izan nuen, baina ez zegoen bere grabaziorik egungo soinuarekin, kante jondoari, klasikoari, lagunduz. Eta nik uste nuen toke hori historiarako gorde behar zela, ondoren etorriko diren gitarra jotzaileentzat irakasgai izango litzatekeelako”.

Enrique Morente

Enrique Morentek, Maisuaren jarraitzaile handiak, denbora luzea zeraman Sabicasekin disko bat grabatzearekin obsesionaturik. 1989an, azkenik, finantzaketa lortu eta Morente-Sabicas. Nueva York / Granada lanaren grabazioa hasi zuen. Urte horretan bertan, Maisuak azken omenaldia jaso zuen New Yorkeko Carnegie Hall aretoan, eta bertan Morente eta Paco de Lucía egon ziren berarekin. Hilabete gutxitara, Sabicas, hogeita hamar urte baino gehiagoz bere bizileku izan zen hirian hil zen.

Sabicas Maisu handiak balio ikaragarriko ondarea utzi zuen. Mundu osoan Flamenkoaren enbaxadore gisa egin zuen lana eta bere estiloak bere garaiko gitarra jotzaileengan eta ondorengo belaunaldiengan izan zuen eragina ez ditu inork zalantzan jartzen. Hori dela eta, bere oroimena ospatu nahi dugu, bere ondareari balioa eman, eta bere irudiaren garrantziaren bitartez Arte Flamenkoa Espainia iparraldeko eta beste toki batzuetako ikus-entzule berriei hurbildu.

Flamenkoaren Bidaia Iparraldera, Sabicas Maisuaren oroimena ospatzeko.